PROIEKTUA

Baratzan Blai proiektua Komunitateak Sostengatutako Nekazaritzako proiektu bat da

Elkarte eredu honen arabera, nekazarien eta kontsumitzaileen artean partekatzen dira baratzeak ekarri ohi dituen arriskuak eta onurak. Tokian tokiko eta garaian garaiko elikagai ekologikoak ekoizteaz gain, proiektu honen helburu nagusia da komunitatea sortzea baratze honen inguruan.

Ideia horrekin, 2017an hasi ginen gure baratzea lantzen Artiedan (Urraul Beheiti) eta baratzeari lotutako kontsumitzaile talde bat osatzen. Baratzeak elikagaiak ematen ditu kontsumo taldean izena eman duten kideentzat, izena emanda eskubidea eskuratzen baitute, bi astetik behin, etxeko atarian, edo adostutako beste punturen batean, beren saskia jasotzeko, barazkiz betea. Bada beste aukera bat, alegia, barazkiak norberak biltzea gure baratzean, hemen, Artiedan, prezio txikixeagoa ordainduta. Gainera, guztiak gonbidatuta zaudete, gure baratzean egun-pasa eder bat egitera eta elikagaiak nola ekoizten ditugun ikastera.